2015/09/29

AMANDO: AMARA BERRI


Amandok, Amara Berriko ikastetxeari buruzko hitzaldia eman zigun aurreko asteartean (2015/09/22), IKT-en inguruan zentratuz nagusiki eta berak esandakoa laburbiltzen ahaleginduko naiz ondorengo lerroetan.

amara berri.jpgLehenik eta behin, eskolako antolaketari buruz hitz egin zigun, Amara Berri Sistema izenez ezagutzen dena. Eredu tradizionalaren albo batera utzi eta proiektu bidez egiten dute lan. Zikloetan egiten dute lan, hau da, adin tarte desberdineko haurrak elkarrekin egoteko aukera dute, zaharrenek txikiagoei gauzak irakatsiko dizkietelarik. Lana txokoetan burutzen da eta departamendu ezberdinak daude; irakasle bakoitzak gela finko bat du eta haurrak gelaz gela mugitzen dira. Horrezgain, ez dituzte hain ohikoak diren testu-liburuak erabiltzen, liburutegian eta interneten oinarritzen dira ikasleak lana egiterako garaian. Amara Berriren kasuan liburutegia ez da gela berezi batean kokatzen, liburuak haurrak erraz erabiltzeko moduan daude kokaturik, edozein tokitan. Proiektu bidez lan egitearen abantailetako bat egiten den orok “zertarako” bat duela da; honi esker, haurrak ekintzaren balioaz jabetzen dira eta gogotsu egiten dute lan.

IKT-etan zentratuz, hedabide ez berdinak erabiltzen zituztela esan zigun Amandok. Hedabide hauek ikasleek kudeatzen dituzte, eurak dira telebista, irratia, prentsa eta txikiweb aurrera eramatearen arduradunak. Hedabide hauek erabiltzearen helburuetako bat, egiten diren lanei zentzu bat, irteera bat ematea da. Beste helburu garrantzitsu bat teknologia berrien munduan sakontzea, aplikazio ezberdinak ezagutu eta probatzea, nola erabili behar diren ikastea…

IIRRATIA: irratiko saioa auzoan entzun daiteke FM 107.2 jarri ezkero, eta baita Amara Berriko web orrialdean ere. Teknikariak edo arduradunak 2.zikloko 2 ikasle izaten dira, eurak sortzen dute saioa.

PRENTSA: Amara Berri Egunkaria (ABE) argitaratzen dute. Egunkariak atal ezberdinak ditu, azala, elkarrizketa, eguraldia, kontu-kontari, gu ere idazle, lumaren kilima, saski naski eta denbora pasak hain zuzen ere. Egunero irakurtzen da fotokopiatuta eta arduradunak 3.zikloko 4 ikasle izaten dira. Egunkaria egin ahal izateko, irakasleen laguntza izateaz gain, bilerak ere egin behar dituzte.

TELEBISTA: tresna zoragarria da haurrak euskaraz, erdaraz edo ingelesez modu natural batean hitz egiteko. Grabatzeko eta editatzeko aukera dago eta lan hau egiteko arduradunak 3.zikloko 4 ikasle izaten dira. Telebistako saioa gela guztietan ikus daiteke eta web-ean ere publikatzen da etxekoek ere ikus dezaten.

TXIKIWEB: web orrialdeak atal desberdinak ditu, ongietorria, artisten galeria, argazki albumak, ABI telebista eta ABI irratia esaterako. Webmasterrak edo web arduradunak 3.zikloko ikasleak izaten dira.

Lehen esan bezala, Amara Berrin zikloka egiten da lan. Hedabideei dagokienez, zikloka eta bikoteka egiten dute lan eta 2 egun eskaintzen dizkio bakoitzak lan honi. Modu honetan arituz, lana kate moduan egitea lortzen da. Honek esan nahi du lehenengo aldian ikasi egiten dela gauzak egiten eta bigarrenean irakatsi. Adibidez: lehenengo egunean Manuelek Joni erakusten dio, bigarrenean Jonek Maiteri erakusten dio, hirugarrenean Maitek Edurneri…

Ikasleak gogotsu aritzen dira lanean modu honetan, askatasuna dutelako. Amandoren ustez eta Amara Berriko Sistema erreferentziatzat hartuz, irakasleak “txapa” botatzean ikasleek ez dute ikasten eta beraz, irakasleek ez dute irakasten. Hona hemen ikasleek esperimentatuz, askatasunez eta autonomiaz lan egitearen garrantzia. Modu honetan ematen da benetako ikaskuntza prozesua, egiten denari erabilgarritasuna edo zerbaiterako baliagarria dela ikusi eta norberak esperimentatu eta gustatzen zaiona eta ez zaiona ezagutu, nahi duen bezala diseinatu… hori da guztion artean lortu behar dugun irakaskuntza-ikaskuntza prozesua.

Hauxe izan da guztia lagunok!


"EL EKIPO A" TALDEAREN PLE

Gure taldea elkartu ondoren eta bakoitzaren symbaloo-a ikusi eta gero, symbaloo berri bat egin dugu. Symbaloo berri honetan amankomunean jarri ditugu normalean erabiltzen ditugun aplikazioak.


TEKNOLOGIA BERRIEN INGURUKO TALDEKO ONDORIOAK



Hemen dituzue "El ekipo A" taldeak atera ditugun ondorioak teknologia berrien inguruan!
Ikusi, interesgarri eta dibertigarria da eta ;)

ONDORIOAK MOVENOTE BIDEZ

ONDORIOAK MAPA KONTZEPTUAL BIDEZ





ONDORIOAK IDATZIZ


Norberak gure ondorio propioak atera ostean, taldea elkartu, iritziak partekatu eta konklusio amankomun batzuetara iritsi gara teknologiaren inguruan. Hainbat gai landu ditugu, aisialdia, hezkuntza eta generoa besteak beste, eta hauek nola dauden harremanetan teknologiarekin.

Gaur egun lehen baino teknologia gehiago erabiltzen dugu; esaterako, gu haurrak ginenean ezkutaketara, futbolean edo aita ametara jolasten genuen herriko plazan eta parkean. Orain, aldiz, gauzak aldatu egiten dira. Herriko plazara eta parkeetara begiratu eta bertan ikus ditzakegu 5-6 urte besterik ez dituzten haurrak gurasoen mugikorrekin edo tabletekin jolasean. Guk ez genuen horrelako teknologiarik behar ondo pasatzeko, nahikoa genuen arratsaldea lagunekin polizia eta lapurretara jolasten igarotzea. 5-6 urteko haur hauek mugikorrekin jolastearen errudunak gizartea eta gurasoak dira, teknologia askoz ere sartuago baitago gure bizitzetan orain. Horregatik, lehen ez genituen ikusten gure gurasoak tabletekin, baina, gaur egun hala ikusten dituztenez, helduen eredua imitatzen dute.


Horrez gain, konturatzen gara hezkuntzan geroz eta teknologia gehiago erabiltzen dela. Eskoletan ordenagailuak erabiltzen badituzte, ezin diegu eskatu haurrei hortik kanpo ez erabiltzea, azken batean, eskolan ikasitakoa eskolaz kanpo ere aplikatzen baitute. Aldeko eta kontrako iritziak egon arren, teknologia garatzen doan heinean, hezkuntzak ere aurreraka joan behar du, horregatik, egokia iruditzen zaigu horrelako baliabideak sartzea hezkuntzan, hori bai, dena bere neurrian, oreka bat mantenduz.

Gainera, gure aisialdian teknologiarekin lotuta, genero ezberdintasuna nabarmena dela ohartu gara, desberdintasun ugari daudela. Adibidez, aisialdiarekin lotuta askoz ere aukera gehiago ematen zaizkie mutilei neskei baino, bideojokoen munduan sartu eta bertan murgiltzeko.
Nahiz eta txikitan ez konturatu, ezberdintasun hau argi eta garbi ikusten da telebistan eta iragarkietan; esaterako, “cooking mama” eta horrelako sukaldaritzako edo haurrak zaintzeko jolasen iragarkietan beti neska bat agertzen da, eta alderantziz agresibitatea, tiroak eta kirolekin erlazionatutako jolasetan, gehienetan mutila. Honi, “gameboy advanced sp girls edition”-en iragarkia gehitu geniezaioke, hau arrosa zen. Zergatik neskona arrosa?














Gizartea pixkanaka honetaz ohartzen ari dela uste dugu, kontzientzia apur bat hartzen ari dela, guk badugu esperantza hau aldatuko dela, pixkanaka eta mantso baina iritsiko dela aldaketa, denon laguntzarekin.

Bestalde, gure ustez, honek ez du denongan eragiten, eragina izugarria izan arren eta gu neskak izanik, grand theft auto edo call of duty-ra jolastuak gara.











Azkenik, teknologiak komunikazioan izan duen eraginaz hitz egingo dizuegu. Komunikatzeko moduak pila bat aldatu dira gaur egun. Adibidez, jendea ez da kapaza aurpegira hitz egiteko, eta ondoren, sare sozialetatik izugarrizko elkarrizketa ematen dizu, oso sinpatiko dagoelarik, baina, ondoren, kalean gurutzatu eta ez dizu kasurik egiten. Azken finean, teknologiak sozializazioa mugatzen duela uste dugu, garai batean baina gutxiago sozializatzen garelarik, nahiz eta eguna whatsapp-etik jende ezberdinarekin hitz egiten pasatzen dugun. Esaterako, lehen autobusean edo trenean aldamenean esertzen zenarekin hitz egiten genuen, nahiz eta ez ezagutu, orain, aldiz, bakoitza geure mugikorren pantailei begira joaten gara, jolasten, musika entzuten, hitz egiten…  Azkenean, teknologiarekin eta sare sozialekin lortu dugu ez gaudela ez parean dugunarekin eta ez pantailaren atzean dagoenarekin.


Honako hauek izan dira “El ekipo A”-k atera eta eztabaidatu ditugun ondorio nagusiak teknologia eta hainbat arloren inguruan!



2015/09/25

NIRE PLE


Hemen duzue nik normalean erabiltzen ditudan aplikazioak. Gehienak ezagunak izango dituzue baina ziur naiz guztiak ez dituzuzela ezagutuko. Hau egiteko Symbaloo aplikazioa erabili dut. Niretzako oso erabilgarriak dira, beraz, probatzea gomendatzen dizuet, gustatuko zaizkizue eta!


2015/09/22

NIRE BIZITZA LERROA

Hemen duzue nire bizitzako denbora lerroa. Unerik garrantzitsuenak edo pertsona eta momentu esanguratsuenak jarri ditut bertan; halanola, familia, ilobak, ikasketak, lagunak eta mutila. Ea gustuko duzuen :)


BALIARRAINGO IBIUR URTEGIA


Hauxe da nire herriko txokorik bereziena niretzat. Baliarrain da nire herria eta urtegi honen izena Ibiur da. Urtegia egin baino lehen bertan bizi nintzen, baina urtegia egin behar zutela esan zigutenenan Donostiara etorri nintzen bizitzera. Horregatik da urtegi hau txokorik bereziena!!!




PLE- JORDI ADELL


Hona hemen PLE (personal learning enviroment)-ari buruzko bideo interesgarri bat. Teknologiek duten garrantzia agerian uzten du, ea zer iruditzen zaizuen!






2015/09/15

NIRE ESPERIENTZIAK TEKNOLOGIA BERRIEKIN

Egun on denoi,


Ondorengo lerroetan nire haurtzaroko esperientzia kontatuko dizuet teknologia berriei dagokienez. Egia esan ez naiz gauza askotaz oroitzen baina badakit teknologiak ez duela eragin handirik izan nire ikasketa prozesuan, haurtzaroan behintzat. 

Lehen hezkuntzan bizitako esperientziak gogora ekartzen saiatzen naizenean, ohartu naiz teknologiak ez duela garrantzia handiegirik hartzen. Lehenik eta behin, esan nahi dut Santo Tomas Lizeoan ikasi dudala eta zoriontsu izan naizela lehen hezkuntza amaitu arte gutxienez. Eskolan pentsatzen hasi eta gogora etortzen zaidan lehenengo gauza txalapartaren zarata da, gelara noiz sartu eta noiz irten adierazten zuen soinua. Hurrengo oroitzapena jolastokian pasatako denbora eta bertan bizitako momentuak dira. Denbora gehiena futbolean, saskibaloiean, pilotan eta harrapatzeketa edo antzekoetan jolasten pasatzen nuen. Gogoratzen ditudan beste gauza batzuen artean bideo eta pelikulak ikustera joaten ginela, ipuinak kontatzen zizkigutela, musika entzuten genuela radiokaset edo tresna handi batetik, danborrada, karnabalak, Santo Tomasak... ospatzeko festa handiak egiten genituela eta kurtsoa amaitzeko olinpiadak antolatzen genituela gela ezberdinen artean lehiatuz.


Eskola orduetatik kanpo ere teknologiak ez du presentzia handirik izan haurtzaroan. Lagunekin parkera joaten nintzen eta han ere jolasean ibiltzen nintzen, baloiarekin, pilotarekin, harrapatzeketan etb. Horrezgain, trikitixa ikastera joaten nintzela eta judo egiten nuela ere gogoratzen naiz. Etxean familiarekin berriketan denbora asko pasatzen nuela oroitzen dut, guraso eta 4 anai-arreba bizi bait ginen etxean. Etxeko lanak egin eta familiakoekin hitz egin eta jolasten nintzen afal-ordura arte. Afaldu ondoren, etxeko sofan elkartzen ginen guztiok telebistaren inguruan, normalean goenkale ikusteko. Bestalde, etxean game boy-color morea genuela gogoratu zait eta mario bross-ean jolasten ginela anai-arrebok.

Ikus dezakezuenez, nire haurtzaroko esperientzian teknologiak izan duen presentziak ez du zer ikusirik orain duen garrantziarekin. Gaur egun ez da egun bakar bat pasatzen ordenagailua edo mugikorra erabili gabe. Ordenagailua korreoa ikusteko, informazioa bilatzeko, lanak egiteko, musika entzuteko, egunkaria ikusteko, bankuko mugimenduak egiteko, lana bilatzeko... edozein gauzatarako erabiltzen dut ordenagailua. Hala ere, ez dut facebook, twitter edo antzeko konturik. Mugikorra aldiz, whatsApp-arengatik erabiltzen dut hainbeste. Lagunekin eta familiakoekin edozer gauzari buruz hitz egiteko erabiltzen dut. Gainontzean mugikorra ez dut ia ezertarako erabiltzen, jokorik ere ez dut deskargatuta.

Bestalde, ikasketa prozesuan duen garrantzia ere geroz eta handiagoa da. Kiroletako goi-mailako zikloa egin nuenean esaterako ur-azpitik grabaketak egin genituen, spinning klaseak, aerobikekoak etb. grabatu genituen, ordenagailuak askotan erabili genituen... Teknologiak egunero zuen presentzia nire ikaskuntza-prozesuan. Gaur egun, Lehen Hezkuntzako ikasleen artean ere teknologiak izugarrizko garrantzia du, onerako bezala txarrerako.

Teknologiak presentzia handia du gure artean eta oso garrantzitsua da erabilera egokia egiten jakitea. Oso baliagarriak dira ikuspuntu kritikoa lantzeko, informazioa iturri ezberdinetatik jasotzeko aukera dagoelako esaterako. Teknologia berriak erabiltzen ikastea beharrezkoa da, gaur egun formakuntza hori jasotzen ez badugu atzeratuta gelditzen baikara. Nire gurasoek adibidez ez dute ikasi teknologia berriak erabiltzen eta mezu guztiak eta eguneroko bizitzako gauza garrantzitsu asko ordenagailu bidez egin behar direnez, galduta gelditzen dira eta nire laguntza behar dute. Hori dela eta, gizartea aurrera doan heinean eta teknologia berriak agertuz doazen heinean, erabiltzen ikastea beharrezkoa da. Irakaslearen papera aspektu horretan garrantzitsuenetarikoa da, erabilpen egokia egiten irakatsi behar duelako. Izan ere, teknologiaren inguruko guztia ez da kolore arrosekoa, arriskuak ere badaude.

Teknologien arrisku edo kalteen artean, matxismoaren arazoa aurki dezakegu. Teknologia sektore batzuk emakumeei zuzenduta daude eta beste batzuk gizonezkoei. Etxeko tresnak esaterako emakumeei zuzenduta daude, plantxa, ontzi garbigailua, garbigailua, irabiagailua... Bideo-jokoak eta jolasteko tresnak, aldiz, gizonezkoei zuzentzen zaizkie, adibide garbien "game boy" tresnaren izena dugu. Horrezgain, jolasteko tresna hauen artean erabiltzen diren jolas motak ere ezberdinak dira, emakumezkoei edo gizonezkoei zuzenduta daudenaren arabera. Gizonezkoei zuzendutakoak autoen, motoen, gerlarien eta hilketen ingurukoak izaten dira esaterako. Emakumezkoei zuzendutakoak aldiz, printzesen ingurukoak, animalia edo haurrak zaintzearen ingurukoak eta garbiketaren ingurukoak dira esaterako. Hau kontutan izatea oso garrantzutsua da, askotan ez baikara ohartzen ezberdintasun hauetaz.

Beste arriskuetako bat alderdi pribatuari dagokiona izan daiteke. Gazte askok irudi edo bideo pertsonalak partekatzen ditu bere ingurukoekin, zabaltzeko izan dezakeen arriskua kontutan hartu gabe. Sare sozialak erabiltzeko joera handia dago, uneoro egiten ari zarena kontatzen diezu besteei, edonork ikus dezakeelarik. Askotan jendea ezagutzen dugu sare sozialean ikusi dugulako, nire lagun baten laguna delako esaterako. Oharkabean, gure alderdi pribatua edonori erakusten diogu, edonoren esku uzten dugu. Honek sexu erasoak egotea ahalbidetzen du esate baterako, baita lapurretak egiteko aukerak ere. Bestalde, kontu korronteko zenbakia, txarteleko zenbakia, mugikorra, helbidea... erabiltzea ohikoa bilakatu da. Honek izugarrizko arriskua du, norbaitek lapur diezaguke, etxera etor daitezke, mehatxatu egin gaitzakete dirua lortzeko etb. Horregatik da hain garrantzitsua, lehen esan bezala, erabilpen egokia ematen ikastea eta jakitea. 

Teknologiak eragindako kalteen artean, maila sozial ezberdinen arteko diferentziak areagotzea dago. Argi dago teknologia berriak ez daudela guztientzat eskuragarriak, garestiak dira eta. Tresna digital hauek prezio altuak izateak ezberdintasunak sortzen ditu maila sozial ezberdinetako pertsonen artean. Izan ere, maila baxuko pertsona batek teknologia berririk ez badu, gainontzekoekin komunikatzeko zailtasunak izango ditu, lanak egiteko arazoak aurkituko ditu, besteek jokoei buruz hitz egitean edo teknologien inguruko zerbaitetaz hitz egitean ez du parte hartzerik izango, ez duelako ulertzen edo ezagutzen zertaz ari diren... Arazo larriena eskolaren edo lan egiteko esparruan egon daiteke. Norbaitek etxean egiteko lan bat bidaltzen badizu, taldeka egin behar bada eta bakoitzak bere zatia egin ostean arduradunari bidali eta elkartu behar baditu, ariketaren azalpena ordenagailuz bidaltzen bada... gauza hauek ohikoak dira eta egunero gertatzen zaigu horrelako zerbait baina, pentsatu al dugu ordenagailurik ez bagenu nola moldatuko ginatekeen guretzako hain normalak diren gauza hauek egiteko? Gai honen inguruan egin dudan azterketa oso azalekoa izan da baina sakonki aztertu beharrekoa iruditzen zait.

Teknologia berrien presentziak komunikatzeko moduaren aldaketa eragin du. Gaur egun ditugun harremanak hotzagoak edo artifizialagoak direla iruditzen zait. Jende asko dago mugikor, ordenagailu edo tresnaren bat erabilliz komunikatzeko arazorik ez duena, baina, aurrez-aurre norbaitekin elkartzean hitzik ere esateko gai ez dena. Lagun talde bat elkartzean, askotan gertatu zait ingurura begiratu eta momentu batean lagun guztiak bakoitza bere mugikorrari begira, zerbait idazten edo presente ez dagoen besteren batekin hitz egiten aritzea. Egoera horiek tristeak iruditzen zaizkit, ez dakigu lehen bezala lagunen konpainiaz disfrutatzen edo teknologiarik gabe disfrutatzen. Ziur naiz zuetako askori gertatu zaizuela gauza bera eta konturatzen zaretenean egoera horri buelta eman eta aldatzen saiatzea eskatuko nizueke, gure arteko harremanak sendoagoak izan daitezen eta elkarrekin gaudenean besteen konpainiaz goza dezagun.

Besterik gabe, hauxe da nik izan dudan esperientzia teknologie dagokionez.

Mila esker!!!