Egun on denoi,
Ondorengo lerroetan nire haurtzaroko esperientzia kontatuko dizuet teknologia berriei dagokienez. Egia esan ez naiz gauza askotaz oroitzen baina badakit teknologiak ez duela eragin handirik izan nire ikasketa prozesuan, haurtzaroan behintzat.

Eskola orduetatik kanpo ere teknologiak ez du presentzia handirik izan haurtzaroan. Lagunekin parkera joaten nintzen eta han ere jolasean ibiltzen nintzen, baloiarekin, pilotarekin, harrapatzeketan etb. Horrezgain, trikitixa ikastera joaten nintzela eta judo egiten nuela ere gogoratzen naiz. Etxean familiarekin berriketan denbora asko pasatzen nuela oroitzen dut, guraso eta 4 anai-arreba bizi bait ginen etxean. Etxeko lanak egin eta familiakoekin hitz egin eta jolasten nintzen afal-ordura arte. Afaldu ondoren, etxeko sofan elkartzen ginen guztiok telebistaren inguruan, normalean goenkale ikusteko. Bestalde, etxean game boy-color morea genuela gogoratu zait eta mario bross-ean jolasten ginela anai-arrebok.
Ikus dezakezuenez, nire haurtzaroko esperientzian teknologiak izan duen presentziak ez du zer ikusirik orain duen garrantziarekin. Gaur egun ez da egun bakar bat pasatzen ordenagailua edo mugikorra erabili gabe. Ordenagailua korreoa ikusteko, informazioa bilatzeko, lanak egiteko, musika entzuteko, egunkaria ikusteko, bankuko mugimenduak egiteko, lana bilatzeko... edozein gauzatarako erabiltzen dut ordenagailua. Hala ere, ez dut facebook, twitter edo antzeko konturik. Mugikorra aldiz, whatsApp-arengatik erabiltzen dut hainbeste. Lagunekin eta familiakoekin edozer gauzari buruz hitz egiteko erabiltzen dut. Gainontzean mugikorra ez dut ia ezertarako erabiltzen, jokorik ere ez dut deskargatuta.

Teknologiak presentzia handia du gure artean eta oso garrantzitsua da erabilera egokia egiten jakitea. Oso baliagarriak dira ikuspuntu kritikoa lantzeko, informazioa iturri ezberdinetatik jasotzeko aukera dagoelako esaterako. Teknologia berriak erabiltzen ikastea beharrezkoa da, gaur egun formakuntza hori jasotzen ez badugu atzeratuta gelditzen baikara. Nire gurasoek adibidez ez dute ikasi teknologia berriak erabiltzen eta mezu guztiak eta eguneroko bizitzako gauza garrantzitsu asko ordenagailu bidez egin behar direnez, galduta gelditzen dira eta nire laguntza behar dute. Hori dela eta, gizartea aurrera doan heinean eta teknologia berriak agertuz doazen heinean, erabiltzen ikastea beharrezkoa da. Irakaslearen papera aspektu horretan garrantzitsuenetarikoa da, erabilpen egokia egiten irakatsi behar duelako. Izan ere, teknologiaren inguruko guztia ez da kolore arrosekoa, arriskuak ere badaude.

Beste arriskuetako bat alderdi pribatuari dagokiona izan daiteke. Gazte askok irudi edo bideo pertsonalak partekatzen ditu bere ingurukoekin, zabaltzeko izan dezakeen arriskua kontutan hartu gabe. Sare sozialak erabiltzeko joera handia dago, uneoro egiten ari zarena kontatzen diezu besteei, edonork ikus dezakeelarik. Askotan jendea ezagutzen dugu sare sozialean ikusi dugulako, nire lagun baten laguna delako esaterako. Oharkabean, gure alderdi pribatua edonori erakusten diogu, edonoren esku uzten dugu. Honek sexu erasoak egotea ahalbidetzen du esate baterako, baita lapurretak egiteko aukerak ere. Bestalde, kontu korronteko zenbakia, txarteleko zenbakia, mugikorra, helbidea... erabiltzea ohikoa bilakatu da. Honek izugarrizko arriskua du, norbaitek lapur diezaguke, etxera etor daitezke, mehatxatu egin gaitzakete dirua lortzeko etb. Horregatik da hain garrantzitsua, lehen esan bezala, erabilpen egokia ematen ikastea eta jakitea.
Teknologiak eragindako kalteen artean, maila sozial ezberdinen arteko diferentziak areagotzea dago. Argi dago teknologia berriak ez daudela guztientzat eskuragarriak, garestiak dira eta. Tresna digital hauek prezio altuak izateak ezberdintasunak sortzen ditu maila sozial ezberdinetako pertsonen artean. Izan ere, maila baxuko pertsona batek teknologia berririk ez badu, gainontzekoekin komunikatzeko zailtasunak izango ditu, lanak egiteko arazoak aurkituko ditu, besteek jokoei buruz hitz egitean edo teknologien inguruko zerbaitetaz hitz egitean ez du parte hartzerik izango, ez duelako ulertzen edo ezagutzen zertaz ari diren... Arazo larriena eskolaren edo lan egiteko esparruan egon daiteke. Norbaitek etxean egiteko lan bat bidaltzen badizu, taldeka egin behar bada eta bakoitzak bere zatia egin ostean arduradunari bidali eta elkartu behar baditu, ariketaren azalpena ordenagailuz bidaltzen bada... gauza hauek ohikoak dira eta egunero gertatzen zaigu horrelako zerbait baina, pentsatu al dugu ordenagailurik ez bagenu nola moldatuko ginatekeen guretzako hain normalak diren gauza hauek egiteko? Gai honen inguruan egin dudan azterketa oso azalekoa izan da baina sakonki aztertu beharrekoa iruditzen zait.
Teknologia berrien presentziak komunikatzeko moduaren aldaketa eragin du. Gaur egun ditugun harremanak hotzagoak edo artifizialagoak direla iruditzen zait. Jende asko dago mugikor, ordenagailu edo tresnaren bat erabilliz komunikatzeko arazorik ez duena, baina, aurrez-aurre norbaitekin elkartzean hitzik ere esateko gai ez dena. Lagun talde bat elkartzean, askotan gertatu zait ingurura begiratu eta momentu batean lagun guztiak bakoitza bere mugikorrari begira, zerbait idazten edo presente ez dagoen besteren batekin hitz egiten aritzea. Egoera horiek tristeak iruditzen zaizkit, ez dakigu lehen bezala lagunen konpainiaz disfrutatzen edo teknologiarik gabe disfrutatzen. Ziur naiz zuetako askori gertatu zaizuela gauza bera eta konturatzen zaretenean egoera horri buelta eman eta aldatzen saiatzea eskatuko nizueke, gure arteko harremanak sendoagoak izan daitezen eta elkarrekin gaudenean besteen konpainiaz goza dezagun.
Besterik gabe, hauxe da nik izan dudan esperientzia teknologie dagokionez.
Mila esker!!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina