Praktiketako esperientzia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Praktiketako esperientzia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/12/17

PRAKTIKALDIAN BURUTUTAKO LANAREN ESPERIENTZIA

HASIERAKO IDEIA:




PROZESUA:

Lana aurrera eramateko eman genuen lehen pausoa elkarri praktiketan egokitu zitzaigun ikasleen adina eta kopurua adieraztea izan zen. Behin informazioa hau partekatu genuelarik, lanak banatu genituen. Zorte handia izan dugu, maila guztietako ikasleak genituelako lana burutzeko.

Hasteko, lana bost zatitan banatu genuen zailtasun mailaren eta ikasleen adinaren arabera. Hau egin ostean, lanarekin martxan jarri baino lehen, eskuartean genuen proiektuaren berri eman genion gure gelako irakasleari, baimena eskatuz. Irakasleek ez ziguten inolako eragozpenik jarri eta berehala laguntzeko prest agertu zirenez, lanari ekin genion.

Nahiz eta hasieran gaia guk emateko ideia izan, lan guztia euren esku uztea erabaki genuen. Aldaketa honen arrazoia ikasleei askatasuna eman eta euren sormena lantzeko aukera ematea izan da.

Aiako 3.mailako ikasleak izan ziren ipuin hori sortzeko ardura izan zutenak. Lehenik eta behin, lanaren berri eman zien Ane Arregik ikasleei, nondik norakoak eta honen helburua azalduz. Jarraian, gela guztiaren parte-hartzeaz, ipuina sortzen hasi ziren ordenagailuan. Bakoitzak bere ideia ikaskideei luzatu eta gehiengoari gustatzen zitzaiona eramaten zen aurrera. Hiru saio eskaini zitzaizkion asmaketa lan honi.
Hau egin ostean, ipuina taldekide guztiei bidali zitzaien gmail bidez, lanarekin aurrera joatea ahalbidetuz. Hurrengo pausoa ahotsak grabatu eta marrazkiak egitea izan zen.

Ipuin kontalari lanak Irurako LH4B-ko ikasleek egin zituzten. Horretarako, ipuina hamasei zatitan (ikasle kopurua) banatu zuen Lidek, iada bakoitzari bere zatia zein zen zehaztuz, ikasle guztiek parte hartu ahal izateko. Anek bezala, Lidek ere lanaren aurkezpenarekin hasi zuen saioa. Ondoren, ipuin osoa irakurtzea etxeko lan modura bidali eta batez ere beraien zatia ondo barneratzeko lana izan zuten, buruz ikasi gabe. Hurrengo egunean, ahots grabaketei ekin genien. Hau ikastolako gela aparte batean eta bost pertsonako taldetan eraman zen aurrera, prozesua errazagoa izan zedin. Behin honekin bukatuta, grabazioak Joneri bidali zizkion Lidek gmail bidez.

Irurako ikasleak ahotsa grabatzen zuten bitartean, Santo Tomas Lizeoko LH4A-ko ikasleak marrazkiak egiten ari ziren. Irakaslearen ausentzia aprobetxatuz, Ane Aldazabalek ere proiektua aurkeztu zien ikasleei eta bere zatia burutu zuen. Ipuina ozenki irakurri ondoren, zein marrazki egin erabaki zuten eta haurrak taldeka banatu ziren hauen ekoizpenerako. Talde bakoitzak marrazkiak burutzeko metodo propioa erabili zuen, denen artean marrazki bat egitea edo bakoitzak berea egin eta hauetako bat aurkeztea. Goiza lan hau burutzen pasa ostean, marrazki guztiak bildu eta Itxasori eman zizkion eskura.

Itxasok, Igeldoko lehenengo zikloko ikasleekin marrazki hauek koloreztatu zituen. Ikasle kopurua baino marrazki gutxiago zeudenez, kopia batzuk egin zituen Itxasok, bakoitzak bere marrazkia izan zezan. Marrazkiak banatu baino lehen, lanaren berri eman zien Itxasok, egindakoa eta egiteko zegoena azalduz. Ikasleek erabaki zuten ez zutela ipuina irakurtzerik nahi, lana amaitzean guztia batera ikustea nahiago zutela. Honenbestez, marrazkiak margotzeari ekin zien. Marrazkiak koloreztatu ostean, Itxasok moztu eta ipuinaren arabera ordenatu zituen, ikasleen marrazki guztiak ipuinean agertzeko aukera izateko. Antolaketa hau burutu ondoren, argazkiak atera eta Itxasok Joneri pasa zizkion gmail bidez.

Lanaren azken pauso bezala, Jonek, Aiako 3.zikloko ikasleekin bideo muntaia egin zuen arratsalde batean. Lehenik eta behin, Jonek ahots grabaketa eta marrazkien argazkiak eskolako ordenagailu batera pasa zituen. Guztiak han izanik, eta ikasleen informatikako saioa aprobetxatuz, hauen artean lauko taldetxoak egin eta bideoaren muntaketari ekin zion. Movie-maker programa erabiliz, taldetxo bakoitza bideoaren muntaian pauso bana egiten joan zen. Irudiekin muntaia osoa egin ostean, kantua aukeratu eta audacity programaren bidez ahots grabazioarekin elkartu zuten. Audacity bidez lortutako audioak movie-maker programan zituzten irudietan txertatu zituzten bideoari amaiera emanez.

Azkenik, Jonek denoi bideoa bidali zigun gmail bidez eta bakoitzak praktiketako azken egunean, lan honen emaitza erakutsi zien ikasle eta irakasleei. Hori izan da gure lanaren prozesua.
Taldekide bakoitzak egokitu zitzaion atala aurrera eraman zuen bere ikasgelan. Egia esan, ez genuen inolako pega edo zailtasunik izan lana egiterako garaian izan ere, irakasleak uneoro laguntzeko prest agertu ziren.


ONDORIOAK:



Lan hau aurrera eramatean, hainbat gauza aztertu eta deskubritu ahal izan ditugu. Atera ditugun ondorioak ikaskuntza prozesuraren hainbat aspekturekin erlazionatuta daude.

Lehenik eta behin, gure adaptazio gaitasunaren inguruko gogoeta dugu. Hasteko, bakoitzak gure ikastetxeetan aurkitu genuen egoeraren araberako lan banaketa egin genuen lehenengo; maila bakoitzari egokiena gerta lekiokeen zeregina jarri genion. Ondoren, ipuina sortzeko prozesuak esaterako aldaketa bat jasan zuen. Hau da, ikasleen sormena lantzeko aukera jada mugatuta zegoela ikusi genuenez, guk askatasun hori eman nahian, ipuinaren gaia zehaztu gabe utzi genien. Honela, beraien sormena are eta gehiago landu zutela esan behar dugu.

Honekin lotuta, ikasleen parte hartzea aipatu behar dugu. Ohartu gara, beraien lana beste ikastetxeetako ikasleenekin elkartuz lan bakar bat osatuko zutela jakinda, motibatuago eta gogotsuago jardun dutela honetan. Ikasleak ez daude ohituta honelako ekimenetan parte hartzera, beraientzat zeozer guztiz berria izan zen eta oso gustura heldu zioten proposamenari.

Talde lana sustatu zuen proiektu berritzaile bat sortu genuelakoan gaude. Elkarlanean aritzea eskatzen zuen lan bat sortzeko zeregina izateaz gain, erabakiak ere denen artean adostea eskatzen zitzaien ikasleei. Horretarako, beharrezkoa zen denen parte hartzea.

Bestalde, ez da ohikoa gure ikasgeletan  beste ikastetxeekin elkarlanean aritutako proiektuak ekoiztea. Honegatik, irakasleei baliagarria gerta dakieken esperientzia izan delakoan gaude. Izan ere, beraiek ere prozesua behatu ahal izan dute eta beren ikasleek izan duten lan jarrera positiboaz ohartu dira. Guk ere irakasleen balorazio positiboa jaso ahal izan genuen, oso gustuko izan baitzuten proiektua  eta hurrengo batean antzeko zerbait egin nahi badute ere jada badute erreferentzia bat.

Gainera, ikasgela bakoitzak behin beraien zatia bukatuta, lan guztiaren emaitza ikusteko irrikaz agertu ziren beste ikastetxeetakoek amaitzeko zain. Horretaz gain, irakasle batzuk beraien atsegintasuna azalduz, azken lan hau beraien blog-ean zintzilikatu dutela ikusi ahal izan dugu.

Prozesu honen emaitza, jarraian dugun bideoa izan da:



EBIDENTZIAK:

1.Hasierako ideiaren ebidentzia:


ebidentzia.jpg


2. Aiako eskolako blogean zintzilikatu zuten bideoa:






3.Ane Arregiri egindako elkarrizketa:

4.Hona hemen ikasleek marraztutako marrazki batzuk:





2015/11/20

TALDEKO PRAKTIKETAKO ESPERIENTZIEN ONDORIOAK

Praktiketatik itzuli berri garen aste honetan, taldekideok bizitako esperientzia ezberdinen inguruan hitz egiten aritu gara. Ikastetxe bakoitzaren lan egiteko modua desberdina dela ikusi dugu eta bakoitzaren alde on eta txarrei buruzko hausnarketa bat egin dugu. Solasaldi honen bidez lortu ditugun ideiak oso interesgarriak iruditu zaizkigu eta zuekin partekatzea bururatu zaigu. Azaletik eta modu orokor batean dago idatzita, baina, atera ditugun ondorio edo ideia garrantzitsuenak bertan txertatzea lortu dugula deritzogu.

Irakurri eta idatzi zuen esperientzian oinarrituz gurekin ados zaudeten edo ez.

1.- Metodologia

Gure praktikaldiari buruz hitz egiten hasi garenean metodologia desberdinak aurrera eramaten dituzten zentroekin aurkitu garela ohartu gara. Alde batetik, irakasgaiak modu tradizionalean kokatzen den Txanela proiektuan oinarritzen direnak ditugu. Bestetik, proiektuetan oinarritzen den sistema ikusi ahal izan dugu. Ezberdintasunak ugariak direla kontuan hartuta, hauen inguruan aipatu genitzakeen onurak eta kalteak adostu ditugu.
Lehenik eta behin, irakaslearen segurtasunari begiratuz, esan dezakegu Txanela proiektuak irakaslearen konfiantza bermatzen duela. Horrez gain, gelaren kontrola izatea errazten duela iruditzen zaigu. Nahiz eta kontrol hori zenbaitetan onuragarria izan, irakaslearen askatasuna ere neurri batean mugatu egiten du, proiektuetan ez bezala. Hauetan, irakasleek nahiz ikasleek erabakiak hartzeko aukera handiagoa dute. Gainera, proiektuetan lan egitean irakasleak ikasle bakoitzaren beharretara egokitzeko aukera zabalagoa du eta ikasleen talde lana sustatzen da elkar lanean arituz. Hala ere, txokoka lan egiteak aurre prestakuntza handiagoa eskatzen dio irakasleari helburuak bete nahi badira.

2.- Materialak

Materialari dagokionez, metodologiarekin erabateko lotura duela ikusi dugu. Txanela proiektuan esaterako, irakasgai bakoitzeko hainbat liburu zeuzkaten. Hauetaz gain, irakasleak lortutako fitxa solteak ere burutzen zituzten eta baita ordenagailuak ere. Gainera, irakurketa sustatzeko liburu ezberdinak aurkitzen ziren gelan. Proiektuka lan egiteko, aldiz, material anitzagoa behar da. Testu liburua matematika gaia lantzeko soilik erabiltzen zuten. Gainontzean, txoko bakoitzean material ezberdinarekin aritzen ziren lanean. Plastilina, gometxak, kartoia, lego piezak, metroa, eraikuntzarako piezak, puzzleak, bingoa… eta beste hainbat jolas. Horrez gain, laguntza gisa erabiltzeko material ugari aurki zitekeen gelan. Hiztegia, alfabetoa hitz larri eta xehekin, zenbakiak azpian izenekin, Atlasak, abakoak, mapak…
Honenbestez, proiektuka lan egitea askoz aberatsagoa dela iruditzen zaigu material aldetik.

3.- IKT erabilera

Orokorrean, ikastetxeetan teknologia berriak ez daude oso txertatuta. Gure esperientziari dagokionez, erabilera ugariagoa izan da Txanela proiektua lantzen duten zentroetan. Hauetan ikasys proiektua martxan jarriz, ordenagailuetan ariketak egiten dituzte. Arbel digitalaren erabilera ere anitzagoa da. Izan ere, gela bakoitzak hauetako bat du. Horrez gain, ordenagailua erabiltzeko oinarrizko pauta batzuk ere irakasten dizkiete baita mekanografia ere. Proiektuka lan egiten den eskoletan, ordea, ez zaigu tokatu teknologia berriak erabiltzen diren egoerak bizitzea. Teknologia berriak presentzia izan duten kasuetan ikasleen jarrera pasiboa da, pelikulak ikusi edo abestiak entzutea esaterako. Hala ere, ikastetxe gehienek euren blog-a dutela jabetu gara, gurasoek eskolan egindakoaren berri izan dezaten:



4.- Harremanak

Orokorrean, ikasle gutxiko eskoletan sortzen diren harremanak oso estuak dira, bai irakasleen artean, bai ikasleen artean, bai irakasle-ikasleen artean eta baita irakasle-gurasoen artean ere.
Zikloka banatuta dauden ikastetxeetan, ikasleak ez dira beti taldekide berdinekin egoten, urtero taldekide desberdinak izaten dituzte eta honek umeen arteko harremanak sustatzen ditu. Jolas-orduan esaterako ziklo guztietako haurrak nahasturik ibiltzen dira jolasean, zenbait kasutan HH-ko haur batzuk ere parte hartzen dutelarik jolas horretan.
Irakasle gutxi direnez eta, irakasle guztiek haur guztiak ezagutzen dituztenez, elkar-lanak izugarrizko garrantzia du eta harreman sendoak sortzen dira. Irakasleek ume bakoitza ondo ezagutzeko aukera duenez, bere egoerara eta gaitasunetara egokitzeko ahalmen gehiago du eta laguntza maila handiagoa eskaintzea lortzen da. Gurasoak ere oso aktiboak dira eskola txikian, ahal duten guztietan esku bat botatzen diete irakasleei, irteerak, lantzen ari diren gaiaren inguruko azalpenak emateko, eskolako konponketak egiteko, beharrezko materiala uzteko, kirol arloa antolatzeko....
Bestalde, izugarrizko aldea dagoela ikusi dugu ikasle kopuru handiko ikastetxeetan. Santo Tomas Lizeoan ikasleen arteko harremanak itxiak dira, gelako ikaskideen artean mugatzen baitira. Hainbeste ikasle izanik, jolas-ordu ezberdinak erabili behar izaten dituzte guztiek tokia izan dezaten, eta honek beraien arteko harremanak murrizten ditu. Bestalde, irakasleekin duten harremana ona izan arren, eskola txikietan baina hotzagoa da. Gurasoekiko harremanari dagokionez ere gauza berdintsua esan dezakegu, orokorrean laguntzeko prest azaltzen direlarik.